70 lagunek baino gehiagok hartu dute gripearen aurkako txertoa Betharramen

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 13a, 13:32

Betharrameko erakusketa aretoan ari dira txertoa ematen aurten.

Arrisku taldeetako herritarrak gaur hasi dira gripearen aurkako txertoa hartzen. 09:00etatik 13:00etara bitartean, 70 herritar baino gehiago igaro dira Betharrameko erakusketa aretotik. Urrestillan, bertako osasun zentroan emango dute txertoa.

Gaur hasi da Osakidetza gripearen aurkako txertoaren kanpainarekin. Osasun Sailak 300 bat leku aurreikusi ditu txertoa jartzeko, eta Azpeitian, Betharrameko erakusketa aretoan ari dira zeregin horretan. Gaur, 09:00etatik 13:00etara, erizain bat aritu da arrisku taldeetako herritarrei txertoa jartzen, eta hark azaldu duenez, 70 lagun baino gehiago igaro dira goizean zehar gune horretatik. Aste honetan zehar, ordutegi horretan jarraituko dute txertoa jartzen; Urrestillan, berriz, bertako osasun zentroan emango dute.

Osasun larrialdia tarteko, ezohikoa izaten ari da aurtengo kanpaina; izan ere, hainbat fasetan gauzatuko dute. Txertoa hartzen aurrenak hala nahi zuten adinekoen egoitzetako egoiliarrak nahiz osasun eta gizarte langileak izan ziren; urriaren 5ean hasi ziren horiek txertoa hartzen. Gaurtik aurrera, berriz, arrisku taldeetako pertsonei hitzorduak emango dizkie Osakidetzak, eta horiek izango dira bigarren fasea osatuko dutenak. Bestalde, arrisku taldeetakoak ez diren pertsonek hirugarren fasean jasoko dute txertoa. Horiek hitzordua eskatu beharko dute beren osasun zentroetara deituta, eta urriaren 31etik aurrera hasiko dira horiek txertatzen.

Kanpaina honetan, arrisku taldeetako pertsonek ez dute osasun zentrora deitu beharko hitzordua eskatzeko. Osasun zentroetako langileek telefonoz deituko diete pertsona horiei, hala nola 65 urtetik gorakoei, patologia kronikoren bat dutenei edo haurdun daudenei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide