Datorren asteartean, urriaren 20an, Azpeititik igaroko da Espainiako Vuelta txirrindularitza proba. Ondorioz, 14:00etatik 15:15 ingurura arte GI-631 errepidearen (Zumaia eta Zumarraga artekoa) Azpeitiko zatia bi noranzkoetan itxita egongo da ibilgailuentzako.
Azpeitiko Udalak bide mozketa horrek sortuko dituen eragozpenengatik barkamena eskatu die herritarrei. Udalak zehaztu du herri barruko beste errepideei ez diela zuzenean eragingo Vueltak.
Espainiako Vuelta asteartean, urriaren 20an, hasiko da. Lehen etapa Gipuzkoan izango du, Irunen hasiz eta Arraten (Eibar) bukatuz; 173 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek. Egun horretan, Azpeititik 14:45-14:55 inguruan igaroko da Vuelta; Zestoatik etorri eta Azkoitirantz joango dira txirrindulariak.