Amaiera biribila eman zieten atzo, igandea, Itziar Urbieta eta Loreto Fernandez organistek Organo Erromantikoaren XXI. Zikloko emanaldiei. Biek ala biek hainbat pieza jo zituzten Loiolako basilikan, bakarka zein elkarrekin, eta gozatu ederra hartu zuten emanaldira joan zirenek. Asteburu honetan Azkoitian ere zikloaren barruko beste emanaldi bat izan da; hain zuzen ere, Przemyslaw Kapitula organista entzuteko aukera izan zen zapatuan Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen parrokian.
Loiolako emanaldiarekin batera bukatu dira Organo Erromantikoaren XXI. Zikloaren barruko kontzertu guztiak. Halere, zikloaren amaierako ekitaldia urriaren 24an egingo dute Azpeitiko eta Bergarako organo ikasleek Azkoitian emango duten kontzertuarekin.