Verano del 85 eta Stardog & Turbocat filmak emango ditu Kulturaz kooperatibak asteburuan Soreasu antzokian. Verano del 85 filma igandean (19:00) eta astelehenean (19:00) emango dute, eta Stardog & Turbocat filma ere igandean (16:30) ikusi ahal izango da. Emanaldi horietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke.
François Ozon zuzendariarenVerano del 85 filmak Aidan Chambersen Dance on My Grave eleberrian du oinarria, eta Alexis eta David gazteek Normandian igaroko duten uda bat kontatzen du, 1985eko uda, hain zuzen. Uztailean estreinatu zuten Frantziako zinemetan, eta nazioartean, berriz, Donostiako Zinemaldian.
Stardog & Turbocat animaziozko filmak, berriz, txakur zintzo baten eta katu xarmant baten gorabeherak kontatzen ditu, etxera itzultzeko egin beharko duten bidaia espaziala. Ben Smith da zuzendaria eta lana iaz egin zuten Erresuma Batuan.
Bi film horiek duela bi asteburu ziren ematekoak, baina koronabirusaren hedapena tarteko bertan behera utzi zituzten emanaldiak.