Ikasturte berriarekin, ipuin kontaketen XXXI. edizioa jarri zuten martxan Udal Liburutegian, eta atzokoan beste saio bat izan zen. Miriam Mendoza ipuin kontalariarekin arratsalde ederra pasatu zuten Enparan Dorretxera bertaratu ziren 5 urteko haurrek. Saioan, hainbat ipuin entzun zituzten adi-adi: ilargiaren eta eguzkiaren ipuina, buztinezko etxean bizi ziren azukrezko aitonarena eta gatzezko amonarena nahiz Rapunzel, urrezko ilea zuen neskatoarena.
Hurrengo saioa urriaren 26an izango da, 6 eta 7 urteko umeei zuzenduta. Maite Frankok eskainiko du emanaldia, 18:00etan hasita. Plazak mugatuak izango dira, eta aurrez izena eman beharko da Enparan Dorretxean kokatuta dagoen liburutegian bertan, 943-15 71 95 telefonora deituta edo 688 81 55 06 Whatsapp zenbakira mezua idatzita.