Izugarrizko haizetea izan da bart Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Azpeitian ere. Haize-boladak kalte ugari utzi ditu han eta hemen, baina Azpeitiko Udaltzaingoak Uztarria.eus-i azaldu dionez, herrigunean ez du txikiziorik eragin.
Dena den, hainbat zuhaixka eta adar hautsi ditu haizeak. Salbe auzunean, esaterako, zuhaitz handi baten adar bat bota du haizeak, eta goizean zuhaitza ebaki egin dute udal brigadako langileek. Herrigunean ez, baina inguruko errepideetan sortu dira arazoak. Besteak beste, hainbat zuhaitz erori dira Urrakiko mendatean, Azpeititik Errezilera bidean zein Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidean.
Aemetek emandako datuen arabera, Azpeitian 67 kilometro orduko haize-ufada neurtu dute goizaldean, 02:20an, hain zuzen ere. Hori izan da herrian neurtu duten boladarik bortitzena.