Koronabirusa Azpeitian

Neurriak zorroztu eta ekitaldiak bertan behera utziko dituzte liburutegian

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 23a, 18:44

Liburutegiko apalategiak itxi dituzte prebentzio gisa, eta, beraz, liburuak maileguan hartu nahi dituzten herritarrek liburuzainei eskatu beharko dizkiete. Etxez etxeko zerbitzuak martxan jarraituko du. Ikasgelak irekita mantenduko dituzte, orain arteko neurriekin. 

Azpeitiko Udal Liburutegian ere COVID-19 gaitzaren hedapena murrizteko neurriak zorroztuko dituzte. Oraingoz, bi dira hartu dituzten erabakiak: bertan behera utzi dituzte hurrengo asterako antolatutako ekintzak eta liburutegiko apalategiak itxi dituzte.

Hartutako prebentzio neurriak tarteko, liburuak edo DVDak maileguan eraman nahi dituzten herritarrek debekatuta izango dute horiek apalategietatik zuzenean hartzea, eta, horrenbestez, harrerako liburuzainei jakinarazi beharko diete zein den etxera eraman nahi duten mailegua. Haurren gunea nahiz bertako apalategiak ere itxita mantenduko dituzte

Ikasgelak, zabalik 

Azpeitiko Udal Liburutegiko ikasgelek irekita jarraituko dute, oraingoz. Liburutegiko arduradunek jakinarazi dutenez, orain arteko neurriak "zorrotz" bete beharko dituzte ikasgelak erabili nahi dituzten pertsonek. Ikasgelak erabiltzeko ezinbestekoa izango da maskarilla jantzita izatea uneoro eta sarrera-irteeran gel hidroalkoholikoa erabiltzea. 

Liburuak, etxeraino

Neurriak zorroztuko dituzten arren, Liburuak Etxera zerbitzuak martxan jarraituko du, liburu gosez eta irakurketa egarriz dauden herritarren gozamenerako. Liburutegiko arduradunek adierazi dutenez, "etxetik atera ezin duten, gaixotzeko beldurra duten edo besterik gabe liburuak etxean jaso nahi dituzten herritarrek eska ditzakete liburuak maileguan". 

Eskaerak astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara bitartean jasoko dituzte liburutegian, telefonoz (943-15 71 95), Whatsapp-ez (688 815 506) edo posta elektronikoz (liburutegikoharrera@azpeitia.eus).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide