Tokikom Sariak 2020

Publikoak boto bidez erabaki ahalko du Tokikom Sarien 2020ko edizioan

Uztarria.eus 2020ko urr. 27a, 17:01

Iazko sari banaketako irudia.

Bosgarren urtez jarraian, Tokikomek Tokikom Sariak emango diru aurten ere, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatzeko eta gizarteratzeko asmoz. Sariok Tokikom toki komunikabideen bateraguneak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundien babesarekin.

Osasun egoera asko baldintzatzen ari da komunikabideen jarduna, baita sari hauen antolaketa ere. Tokikomek egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, egoera berrira moldatu eta haren helburuari ahalik eta ondoen eutsi ahal izateko.

Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute. Horiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

Komunitatearen saria

Berrikuntza gisa, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren boto gehien jasotzen dituen lanak eskuratuko du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz.

Bederatzi lan finalistak zeintzuk diren, Tokikomen zein bere sareko komunikabideen webguneetan ikus daiteke –webgune honetan ere bai–. Boza emateko aukera ere webgune horietan izango da zabalik azaroaren 8ra arte.

Tokikometik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. Hala azaldu du Tokikomeko komunikazio arduradun Joxe Rojasek: "Alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin".

Ezohiko sari banaketa

Tokikom Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalean, aurreko edizioko lan irabazlearen herrian izaten da ekitaldia, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta. Sari banaketaren inguruko xehetasunak egun gutxi barru jakinaraziko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide