Baiko eta Aspe pilota enpresek osatzen duten EPEL enpresen ligak eta greban zeuden Baiko enpresako hamabost pilotariek –tartean Jon Alberdi pilotari azpeitiarra– akordioa lortu dute gaur, asteartea. Enpresen ligak egindako eskaintza onartuta, arratsaldean iritsi dira akordiora bi aldeak, eta ondorioz azaroaren amaierara arte deituta zuten lanuztea bertan behera utzi dute pilotariek. Urriaren 9an hasi zuten greba, eta hiru astebururen ondoren, pilotariak datorren asteburuan itzuliko dira berriro pilotalekuetara. Soldata eta lanaldia %20 murriztea onartu ostean kontratua berritu zuen Alberdik hil honen hasieran.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, greba egunetan aldarrikatu dituzten eskakizun ia guztiak lortu dituzte pilotariek, eta horiek Aspe eta Baiko enpresetako pilotariengan eta pilota sektore guztian izango dute eragina. Urtean 25.000 euroko soldata izango dute gutxienez pilotariek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jaialdiak %80 edukierarekin egiten hasten direnetik aurrera. Horrez gain, gehigarri bat jasoko dute jaialdiko partida estelarra jokatzeagatik, eta gainsariak ere izango dituzte Hego Euskal Herritik kanpo aritzen diren partidetan. Soldata baxuenak dituzten pelotariei, berriz, esklusibitate klausulak malgutuko dizkiete. Arratsaldean lortu duten akordioa, hori bai, bi enpresetako pilotarien %90ak sinatu beharko du baliozkoa izateko.
Neurri ekonomikoez gain, orain arte indarrean zeuden beste hainbat arau aldatzea ere adostu dute. Akordioan jaso dute, esaterako, entrenamenduei buruzko araua. Aurrerantzean, pilotariek aukeratuko dute enpresak zuzendutako entrenamenduetara joatea edo beren kasa entrenatzea. Lan eta lehiaketa egutegia zehaztea ere pilotarien eskakizunetako bat zen, eta EPEL enpresen ligak horiek lotzeko konprimisoa berretsi du.