Koronabirusa Azpeitian

Beste 24 kasu positibo zenbatu dituzte Azpeitian

Onintza Lete 2020ko urr. 28a, 13:35

Azken orduetan eskualdean egindako PCR eta antigeno proben emaitzetan 68 positibo berri atzeman ditu Osakidetzak, eta kasu gehienak Azpeitian atzeman dituzte, aurreko egunean baino hamabost gehiago. 1.587,51 da Azpeitiko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa.

Atzo goraka, eta gaur ere bai. Osakidetzak eman dituen azken datuen arabera, atzo egindako PCR eta antigenoen probetan 24 positibo atzeman zituen Osasun Sailak Azpeitian, eta 68 kasu Urola Kostan. Eskualdeko herrien artean Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien, aurreko egunean baino hamabost gehiago. 

Eskualdeko gainerako herrietan antzeratsu daude datuak: hamalau kasu Zumaian (bezperan ere bai), hamabi kasu Zarautzen (bezperan hamar), seina kasu atzeman dituzte Azkoitian eta Zestoan (bezperan bederatzi eta hiru, hurrenez hurren), bat Errezilen (bezperan bi), bi Getarian (bezperan bezala), eta hiruOrion (bezperan kasu bakarra).  Eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duen herria Errezil da: 4.936,31.

1.587,51 da Azpeitiko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, eta azken hamalau egunetan, guztira, 239 kasu berri atzeman dituzte herrian. Pandemia hasi zenetik, 637 positibo zenbatu dituzte Azpeitian. 

Datuak lurraldeka

Eusko Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera, Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu gehien azken orduetan: 511 (bezperan 413). Bizkaian, 500 kasu detektatu zituzten (bezperan ), eta Araban 143 (bezperan 86). Alde handiarekin, hiru lurralde horietako intzidentzia tasa altuena izaten segitzen du Gipuzkoak, azken hamalau egunetako datuak kontuan hartuta. Izan ere, lurralde horretan, 100.000 biztanleko 811 pertsona kutsatu dira azken bi asteetan (Bizkaian 478 eta Araban 393). Guztira 15.509 proba egin zituzten, eta 1.164 lagunek eman zuten positibo COVID-19 birusaren proban.

Atzo ospitaleratu zitutzen lagunen kopuruak antzeratsu jarraitzen du –ZIUn 75 lagun zeuden atzo, 71 aurreko egunean–. Guztira, 405 pertsona daude hiru lurraldeetako erietxeetan ospitaleratuta.

Nafarroan, berriz, behera egin dute kasuek azken orduetan. 457 pertsona kutsatu dira Osasunbideak emandako datuen arabera, bezperan baino 121 gutxiago. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide