Oroimen historikoa eta giza eskubideak lelopean jardunaldiak antolatu dituzte Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak azaroaren 10erako —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Memoriaren Eguna— eta 11rako. Egun bakoitzean saio bana izango da, 10:30ean hasita, Basazabal jauregian. Urte hasieran agertu zuten udalak eta Aranzadik jardunaldiok egiteko asmoa, eta egoera berrira egokitu behar izan badute ere, aurrez aurreko saioei eustea erabaki dute bi aldeek. Jardunaldi horiekin amaituko dira aurten egin asmo zituzten ekintzak.
Lehen egunean bost alderdi politikotako ordezkariekin mahai ingurua egingo dute; hain zuzen ere, Aitor Urrutia (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Rafaela Romero (PSE-EE), Jon Hernandez (Elkarrekin Podemos) eta Jose Luis Arrue (PP) izango dira solasaldian parte hartuko duten hizlariak, eta Sabino Ormazabalek gidatuko du saioa. Bigarren saioan, berriz, eremu sozial desberdinetako lau hizlari izango dira: Josu Chueca historialaria, Jon Mirena Landa jurista, Enekoitz Esnaola kazetaria eta Idurre Eskisabel EHUko irakaslea. Bigarren saioa Aitziber Blancok gidatuko du.
Edukiera mugatua
Pandemia dela-eta edukiera mugatua izango da bi egunetako saioetan; hala ere, saioak streaming bidez ikusteko aukera eskainiko du Azpeitiko Udalak bere webgunean. Mahai inguruak presentzialki ikusi nahi dituztenek izena eman beharko dute aurrez 943-54 79 83 edo 699 80 91 30 telefonoetara deituta nahiz basazabal@azpeitia.eus edo memoria@aranzadi.eus helbideetara idatzita.