Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) "arbitrarioki ezarritako salbuespen egoera" salatzeko eta eskubide zibilak nahiz politikoak defendatzeko elkarretaratzea deitu du biharko, larunbata. Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! lelopean, 19:30ean hasita egingo dute kontzentrazioa plazan. "Oligarkia finantzarioak, politikari profesionalek zein enpresaburu handiek ezarritako salbuespen egoeraren aurkako kapaina" da GKS-k martxan jarri duena.
GKS-k azaldu duenez, azken egunetan ezarritako neurri murriztaileak "pobrezia, arbitrariotasuna eta kontrol soziala" dira, eta salatu du alderdi politiko guztiek hartu dutela ontzat agertoki hori. GKS-ren ustez, baina, "bi irizpide orokor" lehenetsi behar dira: pertsonen osasuna eta jendartearen oinarrizko eskubideak zein betebeharrak. "Oligarkiak ez ditu ez bata, ez bestea beteko", salatu du, eta azaldu du bi bando nabarmen azaleratu direla: "Gatazka horretan, antolakuntza komunistaren aldeko hautua egin dugu GKSko kideok, eskubide zibil eta politikoen defentsan".