Inguruan egin daitezkeen mendien zerrenda, Lagun Onak Mendi Bazkunaren eskutik

Anartz Izagirre 2020ko urr. 30a, 16:26

Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaileak direla eta, herritarren mugikortasuna asko murriztu da. Hala eta guztiz ere, Lagun Onak Mendi Bazkunak Azpeitiko bizilagunek egin ditzaketen mendiak zerrendatu ditu. 

Joan zen asteartetik aurrera indarrean dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileak, eta herritarren mugikortasuna mugatu egin dute neurriok. Udalerri mugakideen arteko mugikortasuna, ordea, baimenduta dago baldin eta udalerri mugakidera joateko zuzeneko bidea badago, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro beharrik izan gabe. 

Neurri murriztaileak kontuan hartuta, Lagun Onak Mendi Bazkunak Azpeitiko bizilagunek egin ditzaketen hainbat mendiren zerrenda plazaratu du; honakoak dira Azpeitiaren herri mugakideak: Azkoitia, Deba, Zestoa, Errezil, Beizama, Beasain, Ezkio, Itsaso eta Zumarraga. Mendi horietara joateko, ordea, herritarrek zenbait oztopo dituzte. Esate baterako, Azpeitiko bizilagun batek Debako udalerrian dagoen mendi bat igo dezake Azpeititik abiatuta, baina ezin du Debara kotxez joan mendi hori handik igotzeko, ez baitago errepide zuzenik Azpeitiaren mugakide ez diren herrietatik igarotzen ez denik.

Argazkian ikus daitezke Azpeitiko bizilagunek igo ditzaketen mendietako batzuk. (Argazkia: Lagun Onak Mendi Bazkuna).

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide