Maskaren eta PCR proben kontrako auto karabana, Azpeititik barrena

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 31a, 16:08

Osasuna eta eskubideak mugimenduak deituta, Egiaren olatua deituriko auto karabana luzea igaro da herritik 13:30ak aldera. PCR probekin amaitzea eta maskara derrigorrezkoa ez izatea eskatu dute, besteak bestea.

Gaur, larunbata, Gipuzkoako hainbat herri zeharkatu ditu Osasuna eta eskubideak mugimenduak antolatutako auto karabanak, eta Azpeititik ere igaro dira, 13:30ak aldera, ia ordubeteko atzerapenarekin. Egiaren olatua lelopean, PCR probekin amaitzea eta maskararen erabilera derrigorrezkoa ez izatea eskatu dute 50 auto inguruk, eta ibilgailuetako gidariak karteltxoekin, puxikekin eta klaxona jotzen igaro dira Azpeitiko kaleetatik. "Gure osasuna, gure ardura" dela aldarrikatu dute manifestariek, eta eztabaida zientifikoa ere eskatu dute.

09:30ean abiatu da auto karabanaren zutabe bat Arrasatetik, eta bestea, Hernanitik. Ondoren, bi zutabeak Zumaian batu dira, eta Azpeititik barrena Elgoibarrera joan dira. Han bukatu dute protestaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide