"Burgesiaren zuzeneko diktaduraren" kontra, elkarretaratze jendetsua egin dute herriko plazan

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 1a, 09:49

160 bat lagunek parte hartu zuten Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta atzo arratsaldean plazan egin zuten elkarretaratzean. Azken egunetan "osasuna babesteko aitzakipean" indarrean jarri dituzten neurri murriztaileak salatu zituzten, eta horien kontra egiteko bidea proposatu zuten: "Antolakuntza komunista".

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, eta Burgesiaren zuzeneko diktadura salatu lelopean, elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Azpeitian. Plaza bete egin zuten maskarak soinean eta metro eta erdiko tarteak zainduz osatutako ilaretan zeuden 160 bat herritarrek.

Gogor egin zuten azken egunetan indarrean jarri dituzten neurri murriztaileen kontra, neurri horiek, "osasuna babesteko aitzakipean", herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituztela iritzita; besteren artean, mugitzeko eskubidea, biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna. Horrez gain, gazteriaren kriminalizazioa ere salatu zuten plazan bildutakoek. 

Adierazi zuten "neurri totalitario" horien aurrean eta "eskubide zibil eta politikoen defentsan", eurek hautu garbia egin dutela: "Antolakuntza komunista". Aurreratu zuten datozen asteetan mobilizazio gehiago egingo dituztela, eta horietan parte hartzeko deia egin zieten herritar guztiei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide