Lore asko baina ia jenderik ez, Santu Guztien egunean

Anartz Izagirre 2020ko aza. 1a, 13:05

Santu Guztien eguna da gaur, azaroak 1, eta ezohiko irudiak utzi ditu igande goizak; izan ere, inoiz baino jende gutxiago ibili da kanposantuan eguerdi partera bitartean. Halere, lore ugari ezarri dituzte herritarrek hilobietan.

Jendeak fin bete du Azpeitiko Udalak hilerrian jende pilaketak saihesteko deia gaur, azaroak 1, Santu Guztien egunean. 08:00etan ireki dute kanposantua, eta eguerdira bitartean ohi baino askoz jende gutxiago ibili da bertan. Izan dira, ordea, sendia eta lagunak bisitatzera joan diren herritar batzuk ere, eta horiek osasun eta segurtasun neurriak zintzo beteta egin dute bisita. Gaurkoan jende gutxi ibili den arren, azpeitiarrek joan diren egunak aprobetxatu dituzte hilobietan loreak eta kandelak jartzeko.

Arratsaldean ere irekita egongo da hilerria, eta bertara autoz joan nahi dutenek parrokiaren ondotik igo beharko dute; aldiz, Takolo baserriaren paretik jaitsi beharko dute bueltan. Gainera, hilerrira sartzeko eta handik irtetzeko ateak zehaztu ditu udalak: ohiko sarrera nagusitik sartu beharko da, eta goiko atetik atera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide