Herritarrak heriotzaz hausnartzera bultzatzeko egitasmo bat jarri dute martxan

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 1a, 16:00

"Hil aurretik nahi dut..." dioen arbel bat zintzilikatu dute Azoka Plazan, herritarrek nahi dutena idatz dezaten esaldi horretatik abiatuta. Aste osoan egongo da horretarako aukera.

Herritarrak heriotzari buruz hausnartzera eta dituzten pentsamenduak partekatzera bultzatzeko egitasmo bat antolatu dute Death Cafe saioen bueltan elkartzen diren hainbat lagunek, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Horretarako, "Hil aurretik nahi dut..." irakur daitekeen arbel bat zintzilikatu dute Azoka Plazan, herritarrek nahi dutena idatz dezaten esaldi horretatik abiatuta.

Gaur jarri dute martxan ekimena eta herritarrek aste osoan izango dute beren ekarpenak egiteko aukera Azoka Plaza zabalik izaten den ordutegian. Muralaren ideia Heriotzari bizia ematen jaialditik hartu dute antolatzaileek, heriotzari eta doluari ikusgarritasuna emateko eta gaia normalizatzeko helburuarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide