Azaroaren 18ra atzeratu dute 'Alokairuko sabelak nola arautu?' solasaldia

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 2a, 17:44

Asteazkenean ziren hitzaldia eskaintzekoak Emakumeen Txokoan, baina "COVID-19a tarteko", data atzeratu behar izan dute. "Egoerak uzten badu" azaroaren 18an eskainiko dute solasaldia, eta hitzaldira joan nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez. 

Atzeratu egin dute asteazkenean Emakumeen Txokoan eskaintzekoak ziren Alokairuko sabelak nola arautu? hitzaldia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "COVID-19a tarteko" aldatu behar izan dute solasaldiaren data, eta adierazi dute "egoerak uzten badu" azaroaren 18an eskainiko dutela hitzaldia, 18:30ean hasita. 

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak antolatutako solasaldi feministen barruan antolatu dute hitzaldia, eta Itziar Alkorta Zuzenbide zibileko irakasle eta bioteknologian eta giza-ugalketako teknologia berrietan aditua arituko da hizlari lanetan June Fernandez Pikara magazineko kazetaria arduratuko da saioa dinamizatzeaz. Antolatzaileek azaldu dutenez," alokairurako sabelak arautzearen aldeko zein aurkako argudioak mahaigaineratu, eta legalki egoera ulertzeko gakokoak ematea da saioaren helburua". 

Aforoa mugatuta egongo da, eta solasaldira joan nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 751 000 eta 943-15 70 55 telefonoetara deituta. Azaroaren 4ko saiorako izena eman zutenek berriro jakinarazi beharko dute data berrian solasaldira joatekoak diren edo ez. 

Saioa beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta egingo dutela adierazi dute antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide