Zabaldu dute Arkupehotsaken laugarren edizioaren izena emateko epea

Julene Frantzesena 2020ko aza. 5a, 09:33

Iazko emanaldiko irudi bat.

Iazko moduan, izen-ematea irekia izango da aurten ere, baina inskripzio data kontuan hartuko dute taldeak hautatzerakoan. Arkupehotsaken parte hartuko duten taldeek kontzertuak eskainiko dituzte kulturguneko Arkupea agertokian, Sanagustineko programazioaren barruan. 

Kulturaz kooperatibak dagoeneko zabaldu du sortzaile berriei bultzada emateko asmoz sortutako Arkupehotsak egitasmoan izena emateko epea. Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta egitasmoan parte hartu nahi dutenek honako izen-emate orri hau bete beharko dute.

Iazko moduan, izen-ematea irekia izango da aurten ere, baina inskripzio data kontuan hartuko dute taldeak hautatzerakoan. Gainera, taldeak aukeratzerakoan hainbat ezaugarri hartuko dituzte kontuan epaimahaikideek, hala nola abestietan euskarak lehentasuna izatea, proposamena berritzailea izatea nahiz parekidetasun irizpideak.

Arkupehotsaken parte hartuko duten taldeek kontzertuak eskainiko dituzte kulturguneko Arkupea agertokian, Sanagustineko programazioaren barruan. Talde horiei ekipamendu osoa, afaria eta promozioa eskainiko dizkie Kulturaz kooperatibak, eta taldeei bidaia gastuak ordainduko dizkiete. Gainera, talde bakoitzaren kontzertuko abestietako baten zuzeneko bideoa grabatuko du kooperatibak, eta argazki bilduma bat ere gauzatuko du.

Arkupehotsaken sustatzaileek azaldu dutenez, aurtengoa egoera berezian iritsi da, eta egoera tarteko egitasmoa garatzeak "lan gehiago" eskatuko duela eta "pazientzia eta indarra" beharko dituztela badakitela azaldu dute. "Sanagustingo arkupea soinu berrien plaza izaten jarraitzea nahi genuke".

Honako lotura honetan irakur daitezke Arkupehotsak egitasmoaren helburuak, ezaugarriak eta bertan parte hartzeko baldintzak. Kulturaz kooperatibaren egitasmoak laguntzaile ditu Laboral Kutxa, Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, Badok ataria, MusikaZuzenean eta Hamaika Telebista.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide