Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) deituta, herriko jatetxeetako, kafetegietako nahiz tabernetako kideek nahiz hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute gaur, zapatua, SOS ostalaritza lelopean.
17:00etarako hainbat herritar zegoen plazan, eta hiru ostalarik zabaldu dute pankarta. Ordu laurdeneko protesta isila gauzatu dute, eta txalo zaparrada batekin amaitu dute kontzentrazioa.
Ostalaritza guneen itxiera salatzeko eta egoerarekiko duten kezka agertzeko, herri guztiko hainbat ostalari elkartu dira plazan, eta beste hainbat eta hainbat herritar joan dira haiei babesa agertzera.
Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri murriztaile hartu ditu COVID-19aren zabalkundea gelditzeko asmoz, eta gaurtik indarrean dira horiek. Neurrien artean da, ostalaritza gune oro ixtea, eta erabaki hori tarteko bizi duten egoera dela-eta deitu dute kontzentrazioa Alde Zaharreko tabernariek.