Pandemiak baldintzatuta eta antolatzaileek zein antzerkizaleek nahi baino gorabehera gehiagorekin, baina badoaz aurrera XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketak. Hirugarren astea da honakoa, eta gaur, bihar eta etzi hiru emanaldi izango dira herrian. Aurtengo topaketetan ikusi ahal izango diren azken antzezlanak izango dira gainera; izan ere, azaroak 20an bukatuko da aurtengo edizioa, sari banaketarekin.
Gaur, osteguna, izango da aste honetako lehendabiziko emanaldia. Helduei zuzendutako Tribiz, baserri galdue obra taularatuko du Jon Ander Urrestik, Dinamoa sormen gunean, 19:30ean hasita.
Bihar, ostirala, berriz, Horman Poster taldearen Antigone edo ezetzaren beharra lana bertatik bertara ikusteko aukera egongo da Soreasu antzokian, 19:30ean hasita. Helduei zuzendutako antzezlana da hori ere, eta Xanti Agirrezabala herritarrak parte hartzen du. Emanaldi horretarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Aste honetako hirugarren eta azken emanaldia larunbatean izango da. Umeei zein helduei zuzendutako Pinocchio lana taularatuko dute Gorakada Teatroako kideek. Soreasu antzokian izango da hori, 17:00etan hasita. Hiru emanaldietarako sarrerak honako lotura honetan eros daitezke. Igandean ematekoa ziren Zestoako Eromen Produkzioaken Guateke obra bertan behera utzi behar izan zuten, baina topaketak hasterako jakinarazi zuten hori.