Joxe Aranbururi esker onez: "Obra ez da amaitu"

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Eneritz Albizu Kultura batzordeburua 2020ko aza. 25a, 13:17

Atzo hil zen Joxe Aranburu aktoreari esker onez, honako gutun hau idatzi dute Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak.

Pertsonek osatzen dute herria. Herritarrek ematen diote izaera eta kolorea lur zati honi. Askotan esaten dugu euskararen eta kulturaren herria dela Azpeitia. Horrela da, baina ez da kasualitatea. Joxe Aranburu bezalako pertsonek eginiko lanagatik gara garen hau.

Joxe Aranburu antzerkigile eta antzerkizale nekaezina izan da. Uzta oparoa utzi ondoren, tamalez, utzi egin behar izan gaitu. Antzerkiaren alderdi guztiak zaindu eta maite izan ditu bere bizitzan zehar. Oholtza maite zuen, oihal atzeko lanak ere bai, eta ikus-entzule finenetakoa izan zen herriko hainbat antzerki saiotan. Azken finean, antzerkia bera maite zuen, zirrikitu eta izkina guztiekin. Eta, hein batean, Joxegatik, guk ere antzerkia maite dugu, eta euskal antzerkiaren lekua da gure herria.

Joxe eta haren belaunaldiko beste hainbat herritar aitzindariak izan ziren gure herrian antzerkigintzari lekua egiten. Eta baita egin ere, haiek ereindakoa zaintzen eta sustatzen jarraitzen dugu gaur egun ere. Joxek asko utzi digu: momentu politak, barreak, ahaztuko ez diren oroitzapenak. Horrez gain, antzerkigintzarako eta zinemagintzarako grina eta talentua ere utzi du, bere familiari ondo asko transmititu baitio arte honen muina eta harekiko maitasuna. Joxeren esentziak bizirik darrai, eta gure artean izango dugu beti.

2020ko antzerki topaketetan Txalo Saria eskaini zion Aranbururi udalak. Joxe hobetu zain ginen, goxotasun eta esker on pixka bat adierazteko. Baina ezinezkoa izan da. Horregatik, senideei eta gertukoei gure doluminak adierazi nahi dizkizuegu. Benetan maitea zen Joxe, eta Azpeitiaren izaeraren zati izaten jarraituko du.

Mila esker, gure herriari kolore hau gehitzeagatik. Obra ez da amaitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide