Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Hori dela eta, urtero bezala aldarriz bete dute Azpeitiko plaza gaur arratsaldean. Aurrena, 18:00etan hasita, elkarretaratzea egin du Urola Erdiko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, Indarkeria matxistaren aurrean, gaitasun sozialistak antolatu! lelo hartuta. Dozenaka herritarrek egin dute bat deialdiarekin.
Basanderiek talde feministak protesta ekitaldia egin du beste urte batez herriko plazan, 19:00etan hasita, eta jende ugari bertaratu da hitzordura. Talde feministako kideek musikaz, bertsoz eta dantzaz jantzi dute ekitaldia, baita aldarriz eta salaketaz ere. Hitzartzearen hasieran atzo Donostian jazotako indarkeria matxista kasua salatu eta babesa agertu diote erasoa jasan zuen emakumeari, baita urte guztian zehar indarkeria matxista jasan duten emakume guztiei ere. Era berean, emakumeen ahalduntze kolektiboaren aldeko jarrera erakutsi dute; "indarkeriak sortzen duen sufrimendua maila indibidualetik haratago eraman eta kolektiboki ahalduntzea beharrezkoa" dela azpimarratu dute Basanderiek taldeko kideek. Talde feministaren irakurketa osorik, hemen.