Gipuzkoa Buru Batzarrak zuzendaritza talde berria izango du datozen lau urteetan; izan ere, EAJren Gipuzkoako Herrialde Batzarra egin zuten atzo, ostirala, Donostian, eta talde eraberritua aurkeztu zuten bertan. Batzarrak aho batez onartuta, Joseba Egibar izango da beste lau urtez Lurralde Zuzendaritzako burua; horrez gain, Uri Batzarretako ordezkariek zuzendaritzako parte izango diren lurraldeko hamalau burukide aukeratu zituzten, eta horien artean dago Idoia Elorza azpeitiarra. Ibilbide luzea egin du Elorzak GBBn, lehen aldiz 2004. urtean aukeratu baitzuten batzar horretako kide.
Bailara guztietako burukideak izango ditu lagun azpeitiarrak, horietatik denak euskaldunak eta gehienak emakumeak. Atzoko batzarrarekin batera amaitu zen EAJren barne aukeraketa prozesua Gipuzkoan, eta EBBko presidentea eta zortzi burukideak aukeratzeko botoa ere eman zuten bertan.
(Argazkiak: EAJ)