Zortzi hilabete beranduago bada ere, giro ederrean ospatu zuten San Jose trikiti jaialdia atzo, zapatua, Soreasu antzokian. Edukiera murriztua zela-eta bi emanaldi egin zituzten —16:00etan eta 19:00etan—, eta gozatu ederra hartu zuten Soreasura joan zirenek lehen txandan zein bigarrenean. Aurtengo edizioan, honako musikari hauek igo dira Soreasuko agertokira: Unai Dorronsoro, Martin eta Motriku; Roberto Etxebarria, Kepa Arrizabalaga eta Miren Etxebarria; Gozategi anai-arrebak; Azkoitiko Txalkor eta Azpeitiko Antxieta txistulari taldeak; Estanga anai-arrebak; eta Astiazaran osaba-ilobak eta Aitor Aiastui.
Edizio berezia izan da aurtengoa, eta ez COVID-19ak baldintzatutako jaialdia izan delako bakarrik. Izan ere, XXX. San Jose trikiti jaialdia izan da aurtengoa, eta azken urteetan antolakuntzan ibili diren hainbat pertsonak oroigarri bana jaso zuten: Joxe Mari Iriondo, Mari Karmen Odriozola, Joxe Alkain eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. Joxe Mari Otermin ere bazegoen omenduen artean, baina ezin izan zuen jaialdira joan.
(Argazkiak: Ibon Errazu)