Urteko azken ohiko osoko bilkura egingo du gaur Azpeitiko Udalak. Udaletxeko areto nagusian izango da, 19:00etan hasita.
Lan zerrenda laburra izango du abenduko udalbatzarrak, eta gai nagusi bat: 2021erako udal aurrekontua. Azaroaren 9an aurreratu zituen Udal Gobernuak datorren urterako prestatzen hasia zen aurrekontuen ildo nagusiak, eta gaur onartuko dituzte kontu berriak. Etzi, abenduaren 3a, ospatuko den Euskararen Eguneko adierazpena ere hizpide izango dute udal ordezkariek gaurko osoko bilkuran.
Hau da gaurko udalbatzarrean jorratuko dituzten gaien zerrenda:
- Udalbatzak 2020ko azaroaren 3an egindako bilkuraren akta onartzea.
- 2021. ekitaldirako aurrekontua onartzea.
- 2020ko Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpena onartzea: Batuketatik biderketara.
- Alkatetzak 2020ko aurrekontuan 6. zenbakia duen kreditu aldaketaren berri ematea.
- Galderak eta erreguak.