70.000 euroko dirulaguntza lerroa atera du udalak ostalariei laguntzeko

Anartz Izagirre 2020ko aza. 30a, 16:02

Guztira, 1.000 eurora arteko laguntza jaso ahal izango dute Azpeitiko ostalariek. Abenduaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dute dirulaguntza eskaria, udaletxean edo online. Gaur, astelehena, publikatu dituzte oinarriak eta deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Osasun krisia dela-eta tabernak eta jatetxeak ixteko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzak joan zen azaroaren 6an. Egoera horren aurrean, ostalarientzako dirulaguntza lerro bat martxan jarri du udalak, eta 70.000 euro bideratuko ditu horretara. Laguntza bi zatitan banatu dute; batetik, 600 euroko laguntza finkoa emango zaie baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei; eta, bestetik, 400 euroko laguntza eskatu ahal izango da alokairua ordaintzeko —gehienez alokairuaren %50— zein ostalarien jarduerari lotutako ondasunak eskuratzeko eta egokitzapena —lokalaren obrak, kasu— egiteko maileguen interesak ordaintzeko.

Nagore Alkorta alkatea eta Aitor Bereziartua zinegotzia izan dira dirulaguntzak aurkezten, udaletxean. Alkortak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak tabernak zein jatetxeak itxi bezain pronto egin zuten bilera ostalariekin: "Azaroaren 11n bildu ginen ostalariekin, udalak dituen baliabideak kontuan hartuta horiei laguntza eskaintzeko asmotan. Ekonomia batzordera eraman genuen proposamena, eta gaur publikatu dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Laguntzak kaltetuengana lehenbailehen iristea nahi dugu. Alkateak nabarmendu du martxoan ere 267.500 euro bideratu zituztela merkatarientzat zein ostalarientzat: "Argi dugu birusaren hedapena gelditzeko neurriak hartu behar ditugula eta horretarako ez dagoela aitzakiarik, baina, horrekin batera, kaltetutako sektoreei laguntza publikoak bideratzea ezinbestekoa da".

Dirulaguntza eskaria —eskaera orria, hemen— abenduaren 10a baino lehen egin beharko da, udaletxean bertan nahiz online, eta laguntzen inguruko informazio gehiago nahi duenak 943-54 41 85 telefonora deitu edo aetxezarreta@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidal dezake. Laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

  • Azpeitiko JEZ erroldan alta emanda egotea, gutxienez, 2020ko azaroaren 6tik.
  • Jarduera ostalaritza-jarduerei dagokien JEZko epigraferen bati egokitzea, modu orokorrean 67 multzokoa, eta aldi berean, 38/2020 azaroaren 6ko dekretuaren laugarren puntuan ezarritakoak eragiten dietenei.
  • Urtean 1.000.000 euroko edo gutxiagoko fakturazioa izatea.
  • Baldintzak betetzen ez dituzten enpresekin loturarik ez izatea edo haiek partaidetzarik ez izatea.
  • Zergetako, Gizarte Segurantzako eta Azpeitiko Udalarekiko betebeharrak egunean izatea, eta dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuren batean ez egotea.

Honako lotura honetan irakur daiteke Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratutako deialdia. 

Gizarte beharretako laguntzak, indarrean

Bestalde, Alkortak gogorarazi du urte osoan zehar martxan egongo dela gizarte beharretarako laguntzak eskatzeko aukera ere. Egoera ekonomiko txarrean diren norbanakoek eska dezakete laguntza hori, eta alkateak adierazi du pandemia dela-eta malgutu egin dituztela aurten laguntza hori jasotzeko baldintzak. Dirulaguntza lerro horren inguruko informazioa behar duenak Gizarte Zerbitzuetara jo dezake.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide