Willis Drummondek bi kontzertu emango ditu Soreasun hilaren 19an

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 3a, 08:30

Willis Drummond. (willisdrummond.net)

19:00etarako iragarria zegoen emanaldi bakarrerako sarrerak agortuta, 16:30ean beste saio bat eskainiko du taldeak, eta salgai jarri dituzte bigarren horretarako sarrerak.

Willis Drummond taldeak Azpeitian joko du abenduaren 19an, zapatua. Soreasu antzokian kontzertu bakarra iragarri zuen hasieran Kulturaz kooperatibak, 19:00etarako. Emanaldi horretarako sarrera guztiak agortu egin dira, ordea, eta Jurgi Ekizaren taldeak egun berean beste kontzertu bat emango duela iragarri zuten atzo; 16:30ean hasiko da kontzertu hori, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Kulturazen webgunean.

Iaz plazaratu zuen Zugzwang diskoa aurkeztuko du Willis Drummondek Soreasuko agerraldi bikoitzean. Disko berria aurkezteko birari ekin zion taldeak urte honen hasieran, baina pandemia tarteko, udaberrian bertan behera utzi behar izan zituzten aurkezpen kontzertuak. Orain, egoera berrira moldatutako formatuarekin hasi dute bira berri bat, hilaren 19an Azpeitira iritsiko dena. Taldekide berria ere badu Willis Drummondek: Vincent Bestaven Botibol.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide