Artearen, politikaren eta kultur ekoizpen ereduen inguruan hausnartu dute Gaztetxean

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 5a, 13:32

Kultura ala kultur industria? jardunaldien barruan, Artea eta politika. Historiari begirada bat izeneko hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Azpeitiko Gaztetxean. Jardunaldien barruko bi solasaldiak eginda, aurrera begira gaiaren inguruan hausnartzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten gazte asanbladako kideek, eta horretarako "bideak eta moduak" pentsatuko dituztela aurreratu zuten. 

Azpeitiko Gaztetxeko kideek amaiera eman diete Kultura ala kultur industria? jardunaldiei. Joan zen astean  "masa-kulturaren eta industria kulturaren sorreraren eta gaur egun hartzen dituzten forma ezberdinen inguruko analisia" egin ostean, atzo gaiaren inguruan gogoeta egiten jarraitu zuten. Horretarako Artea eta politika. Historiari begirada bat izeneko hitzaldia eskaini zuten 18:00etan hasita. Jende ugari bertaratu zen Gaztetxera solasaldia entzutera. 

Solasaldian zehar, hainbat kultur erreferentzia izan zituzten hizpide, eta batez ere arte sobietarrean jarri zuten arreta. Besteak beste, Proletkult izan zuten hizpide, eta horren bueltan egon ziren askotariko iritziak mahaigaineratu zituzten. Horrez gain, politikak kultur eremuan hartzen duen lekuaz eta edukien izaera politikoaz aritu ziren solasean, baita gaur egungo ekoizpen ereduaz ere. 

Antolatutako bi hitzaldiak eginda, gaiaz hausnartzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten Gaztetxeko kideek eta horretarako "bideak eta moduak" pentsatuko dituztela aurreratu zuten. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide