Hutsik zegoen etxe baten etxaurrea erori da 1766ko Matxinada kalean

Julene Frantzesena-Urtzi Oteiza-Ihintza Elustondo 2020ko abe. 7a, 11:49

Etxearen zatiek azpian harrapatu dituzte kale horretan aparkatuta zeuden lau auto, eta bosgarren batek ere kalteak izan ditzake. Zintzilik gelditu diren eta arriskua eragin dezaketen horma zatiak botatzeari ekingo diote gaur.

1766ko Matxinada kalean hutsik zegoen etxe baten etxaurrea erori zen atzo –igandea– 21:00 aldean. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, etxearen zatiek azpian harrapatu zituzten kale horretan aparkatuta zeuden lau auto, eta bosgarren batek ere kalteak izan ditzake.

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, jabe pribatu batzuena da etxea, eta haiena da etxaurrea erortzearen ardura. Atzo, teknikariak izan ziren gunean, eta gaur goizean ere joan dira egoera aztertzera. Teknikari horiek ikusi dute, atzo erori zen horma zatiaz gain, badaudela zintzilik gelditu diren eta arriskua eragin dezaketen beste zati batzuk. Horregatik, gaur 14:00etatik aurrera zati horiek kentzen hasiko dira; errepidea ere itxiko dute ordu horretan, beharrezkoa baldin bada. Zati horiek botata, bidean segurtasuna bermatzea lortu nahi da.

Asteazkenetik edo ostegunetik aurrera, hondakinak kenduko dituzte gunetik, eta gero aztertu beharko dute etxe horrekin zer egin: dena bota beharko den, gelditzen den zatia segurua den edo ez... Jabe pribatuek udalari  proposatu beharko diote zer egiteko asmoa duten, eta udalaren ardura izango da haiei horretarako baimena ematea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide