Koronabirusa Azpeitian

Azken hiru egunetan 11 kasu baieztatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko abe. 7a, 13:24

11 kasu atzeman izanagatik ere, intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du herrian. 405,18koa da gaur-gaurkoz tasa hori Azpeitian; 431,75ekoa zen ostiralean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi dituen datuen arabera, azken hiru egunetan 11 kasu positibo atzeman dituzte herrian. Bost kasu zenbatu zituzten ostiralean egindako probetan, lau larunbatean egindakoetan eta bi atzo, igandean. Intzidentzia tasak, gainera, behera egiten jarraitzen du. Osasun Sailak ostiralean emandako datuetan 431,75ekoa zen tasa hori herrian, eta gaur emandako datuetan 405,18ra jaitsi da.

Dena den, Osasun Sailak gaur jakinarazi dituen datuak joan den astelehenean emandako datuak baino apalagoak dira. Azaroaren 27tik 30era bitartean hamahiru kasu atzeman zituzten Azpeitian, eta 11 zenbatu dituzte azken hiru egunetan, duela astebete baino bi gutxiago. Apurka-apurka bada ere, positibo emandako pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Lehen kasua herrian baieztatu zutenetik gaur arte 1.000 azpeitiarrek baino gehiagok eman dute positibo probaren batean.

Eskualdean 35 kasu

Azpeitiko 11 kasuez gain, Urola Kosta eskualdean beste 24 kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak. Hala eta guztiz ere, herri guztietan behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak. Azpeitiarekin batera kasurik gehien zenbatu dituzten herria Zarautz izan da. Zarautzen hamabost kasu atzeman dituzte; zazpi zenbatu zituzten ostiralean, eta launa larunbatean eta atzo, igandea; 326,17koa da intzidentzia tasa han.

Zarautzen eta Azpeitiaren ondoren, Azkoitia izan da hiru positiborekin kasu gehien eman dituen hurrengo herria. Azkoitiak, gainera, intzidentzia tasa 500eko langatik jaistea lortu du, eta ondorioz, eremu gorritik laranjara pasatu da; 367koa ta intzidentzia tasa orain Azkoitian.

Getarian eta Zumaian bina kasu zenbatu dituzte; herri bakoitzean bana baieztatu zuten ostiralean eta larunbatean. Zumaiako intzidentzia tasa, gainera, eremu laranjatik berdera pasatzear da. 60 puntutik beherakoa izan behar du tasak eremu berdera pasatzeko, eta gaur-gaurkoz 91,60koa da zenbatekoa Zumaian. Aian, bestalde, larunbatean hauteman zuten azken hiru egunetako kasu bakarra. Gainerako herri guztietan, aldiz, ez dute kasu bakar bat ere baieztatu.

Hego Euskal Herriko egoera

Hego Euskal Herrian, bestalde, 399 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.223 test egin zituzten, eta horietatik, 315 izan ziren positibo emandakoak. Lurraldeka aztertuta, Araban 49 kasu baieztatu zituzten, 156 Bizkaian eta 106 Gipuzkoan; hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Nafarroan, berriz, 1.077 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 84k eman zuten positibo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hogei lagun ospitaleratu zituzten atzo, Osasun Sailaren arabera "COVID-19a" dutelakoan. Guztira 326 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta; Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta, bestalde, 131 pertsona daude, gaur-gaurkoz. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, 0,90ekoa da hiru lurralde horietan. Gipuzkoak du indize horren tasa baxuena; 0,83koa da lurralde horretan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide