Koronabirusa Azpeitian

Koronabirusa tarteko, aurten ez dute Karitasen aldeko Jaiotza kalera aterako Gabon bezperan

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 7a, 21:00

Julian Barrenetxea abesbatzako lagunek 35 urtez atera dute Karitasen aldeko Jaiotza kalera, herriko kaleak kantuz girotuz Gabon bezperan. Aurten, ordea, COVID-19aren pandemia tarteko Jaiotza ez ateratzea erabaki dute. Hori dela eta, Karitasen aldeko diru bilketa kontu korronte bidez egiteko aukera ireki dute. Julian Barrenetxea abesbatzak eskerrak eman nahi izan dizkie urte hauetan guztietan abesbatzen Jaiotza posible egin duten guzti-guztiei. 

COVID-19aren pandemia dela eta, Julian Barrenetxea abesbatzak ez du Karitasen aldeko Jaiotza aterako abenduaren 24an, Gabon bezperan. Osasuna bermatzeko urte luzeko ohiturari uko egitea erabaki dute aurten Julian Barrenetxeako kideek. Izan ere, 35 urte luze daramatzate Gabon bezperan Karisaten aldeko Jaiotzarekin Azpeitiko kaleak kantuz alaitzen. Aurten, ordea, pandemiaren ondorioz ez egitea erabaki dute. 

Ekarpenak kontu korrontez

Jaiotza aterako ez duten arren, aurten ere Karitasen aldeko diru bilketa egingo dutela jakinarazi dute Julian Barrenetxea abesbatzako kideek. Horretarako kontu korronte bati ireki dute, eta beren ekarpena egin nahi dutenek honako zenbaki honetan egin beharko dute ekarpena: 2095 5029 1310 6139 7831(Kutxabank). 

Eskertza, beren alea jarri dutenei

Julian Barrenetxea abesbatzak eskerrak eman nahi izan dizkie urte hauetan guztietan Karitasen aldeko Jaiotza posible egin dutenei: "Azpeitiko Udalari, Parrokiako koroko lagunei, Kantujirakoei, karroza bultzatzen aritu direnei, beren alea jarri duten norbanako guztiei, txistulariei eta Rebeka Larrañagari, hura aritu baita azken urteetan Jaiotzako abesbatza zuzentzen". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide