Hil kanpaiak filma izan da aste honetan Soreasuko zinema kartelerako protagonista. Igandean eman zuten aurrenekoz Imanol Rayok zuzendutako filma, eta gaur ere ikusgai izango da, 16:30ean eta19:00etan hasita. Atzo, baina, emanaldi berezia eskaini zuten; izan ere, Hil kanpaiak filma Miren Gorrotxategi azpeitiarraren 33 ezkil liburuan oinarrituta dago, eta atzokoan Soreasun izan ziren Gorrotxategi nahiz Rayo. Filma hasi aurretik ikus-entzunezkoaren aurkezpen labur bat egin zuten, eta behin emanaldia amaitzean, solasaldia izan zen istorioaren idazlearekin eta filmaren zuzendariarekin. Anartz Izagirre kazetaria arduratu zen solasaldia moderatzeaz.
Izagirrek egindako galderak erantzun ez ezik, herritarrek egindako galderak ere erantzun zituzten Rayok eta Gorrotxategik; izan ere, beste hainbatetan ez bezala, ikusleak galderak egitera animatu ziren atzokoan. Besteak beste, liburuaren eta filmaren artean dauden desberdintasunez aritu ziren solasean, eta Gorrotxategik aitortu zuen "nahiko fidel" errespetatzen direla filmean berak liburuan idatzitakoak. Horrez gain, filmeko hainbat metaforari erreparatu zieten ikusleek, eta horien inguruan ere galdetu zieten sortzaileei. Horren harira, Rayo zuzendariak adierazi zuen argitu gabeko zenbait gauza ikusleek osatzeko edo pentsatzeko aukera eskaintzen duela filmak.