Koronabirusa Azpeitian

Kasu positibo bat atzeman dute Azpeitian

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 8a, 13:55

Intzidentzia tasak 400eko langatik jaitsi da Azpeitian. Eskualdean nabarmen egin dute positiboek behera.

Pandemiaren bigarren olatua ari al da amaitzen? Oraindik birusa gure artean badago ere, datuek itxaropentsu egoteko arrazoiak ematen dituzte.Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kasu positibo bat atzeman zuen atzo, astelehena, herrian egindako PCR eta antigeno probetan.

Azken astean 26 kasu positibo atzeman dituzte Azpeitian, eta hori horrela, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak nabarmen egin du behera. 400eko langatik behera egin du, eta gaur-gaurkoz 398,54koa da tasa. Eremu laranjan jarraitzen du Azpeitiak, baina gero eta gertuago dago horitik.

Kasuak behera eskualdean

Eskualdean, berriz, beste zortzi kasu detektatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdean, eta horrela herri guztietan itzali dute semaforo gorria. Zarautzen izan zituzten atzo kasu gehien, sei, eta Azpeitian bezala, Azkoitian eta Orion kasu bana izan zituzten atzo. Eskualdeko beste zazpi herrietan ez zuten positiborik izan. 

100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuei dagokionez, eskualdeko herri guztietan itzali dute semaforo gorria, eta Azkoitiaren kasuan horira pasatu de egun bakarrean. 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, Azpeitiak eta Zarautzek laranja kolorez jarraitzen dute, eta, Azkoitiarekin batera, Oriok eta Zumaiak horian.

Hego Euskal Herriko datuei so eginez, positibo kopuruak behera egin du. Egia da, era berean, proba gutxiago egin zituztela atzo. Hala ere, 430 positibo zenbatu zituzten lau lurraldetan: 81 Araban, 140 Bizkaian, 145 Gipuzkoan eta 61 Nafarroan. Erietxeen egoerari dagokionez, 542 pertsona daude ospitaleratuta, eta 155 Zaintza Intentsiboko Unitateetan (ZIU).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide