Koronabirusa Azpeitian

Lau positibo berri zenbatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko abe. 9a, 13:17

Eskualdean, guztira, sei kasu zenbatu dituzte: lau Azpeitian eta bi Azkoitian. 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa kontuan hartuta, eremu laranjan dagoen 5.000 biztanletik beherako herri bakarra da Azpeitia.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, eskualdean sei kasu positibo zenbatu dituzte. Atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno probetan atzeman zituzten sei kasuok; lau kasu zenbatu dituzte Azpeitian eta bi Azkoitian. Eguneko positibo kopuruak nabarmen egin du behera azken asteetan, eta nola ez, baita azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere. Azpeitia da gaur-gaurkoz 5.000 biztanle baino gehiagoko eskualdeko herrien artean eremu laranjan jarraitzen duen bakarra; intzidentzia tasak behera egin du bertan atzoko datuekin alderatuta, eta egun 371,97koa da.

Azkoitia egun gutxian eremu gorria izatetik horia izatera igaro da; hala eta guztiz ere, urrun du oraindik ere eremu berdea. 250,23koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz Azkoitian, eta eremu berdean sartzeko tasak 60koa baino baxuagoa izan behar du.

Urola Kostako gainerako herrietan Osasun Sailak ez zuen kasu positibo bakar bat ere zenbatu atzo. 5.000 biztanletik gorako gainerako herri guztiak eremu horian daude, beraz. Zumaia da 91,60ko intzidentzia tasarekin eremu berdea gertuen duen herria. Orion 247,48koa da intzidentzia tasa, eta Azkoitiaren eta Azpeitiaren artean dago Zarautz, 287,54ko tasarekin. Hala eta guztiz ere, lehen kasua eskualdean zenbatu zutenetik 4.044 herritarrek eman dute positibo PCR edo antigeno probetan.

536 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, bestalde, 536 kasu atzeman zituen atzo Osasun Sailak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.234 test diagnostiko egin zituzten PCR eta antigeno proben bitartez, eta horietan 450 positibo baieztatu zituzten. Lurraldeka aztertuta, berriz, Bizkaian detektatu zituzten kasu gehien: 227 kasu, guztira. Gipuzkoan, bestalde, 143 kasu zenbat zituzten eta 73 positibo Araban. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi pertsonak ere eman zuten positibo. Nafarroan, bestalde, zertxobait gora egin dute kasuek; 1.057 proba egin zituzten atzo han, eta, guztira, 86 kasu atzeman zituzten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeen egoerari erreparatuz gero, ospitaleratzeen kopuruak gora egin du herenegundik. Atzo beste 38 pertsona ospitaleratu zituzten, eta, guztira, 388 pertsona daude "COVID-19a tarteko" ospitalean. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), aldiz, 125 lagun daude gaur-gaurkoz. Osasun Sailak, asteazkenero eman ohi duen moduan, azken asteko heriotzak ere jakinarazi ditu; 76 lagun hil dira, Osasun Sailaren arabera, "COVID-19a dela eta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide