Igandeko Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala aurkeztu dute

Andoni Elduaien 2020ko abe. 10a, 08:16

LarraƱaga, eskuin aldean, urdinez. (Argazkia: Aizkolari Txapelketa Nagusia)

Igandean, Bilboko Bilbao Arenan jokatuko dute finala sei aizkolarik. Tartean izango da Mikel Larrañaga azpeitiarra.

Datorren igandean, abenduak 13, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko du Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak. 12:00etan hasiko da finala, eta promozio mailako txapelketako finala ere jokatuko dute egun eta leku berean. Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten finala.

Zestoan (Gipuzkoa) jokatu zuten lehenik kanporaketa, eta han denborarik onena lortu zuten sei aizkolarik lortu zuten finalera sailkatzea. Larrañagaz gain, finalean izango dira Iker Vicente egungo Euskal Herriko txapelduna, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi Txikia IV.a, Eneko Otaño eta Jon Irazu. Hamabi enbor ebaki beharko dituzte sei aizkolari finalistek final nagusian: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.

Federazioaren estalpetik kanpo, aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa izan da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. "Berrikuntzak eta beste itxura bat ematea nahi genituen, eta nik uste igandean plazan nabarituko dela aldaketa", azaldu zuen Larrañagak.

Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileen ondorioz, finala zalerik gabe jokatu beharko dute aurten. Hala eta guztiz ere, ETB1ek zuzenean eskainiko du finala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide