2020ko Kultur Bonoaren epea luzatzea eta 2021ekoa oraindik ez ateratzea erabaki du Kulturazek

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 10a, 10:57

Aurtengo bonua dutenek hori erabiltzen jarraitu ahalko dute hastear den urte hasierako ekitaldietan. "Urtea aurrera joan ahala" ikusiko du kultur kooperatibak 2021eko Kultur Bonoa "noiz eta nola plazaratu".

2020ko Kultur Bonoaren erabilera epea luzatzea eta Kultur Bono berria, 2021ekoa, momentuz ez ateratzea erabaki du Kulturaz kooperatibak. Horrela, Kulturazek datorren urte hasierarako programatu dituen emanaldietan aurtengo Kultur Bonoa erabili ahal izango dute horren jabe direnek, "aurtengo baldintza berdinetan". Urtarrilean, esaterako, bost ekitalditan izango da Kultur Bonoa erabiltzeko aukera..

"Osasun larrialdiak eragindako egoera ezegonkorra dela eta, ezinezkoa suertatu zaigu 2021erako Kultur Bonoarentzako planteamendu egonkor bat plazaratzea. Aurtengo urte gorabeheratsuaren ondoren, ez dakigu datorrena nolakoa izango den: zer neurri hartuko diren, zer edukiera baimenduko diren, horien bilakaera...", azaldu du Kulturazek, erabakiaren berri emateko plazaratu duen oharrean.

Pandemiarekin batera etorritako eragozpen eta buruhausteak gorabehera, Kultur Bonoaren "balorazio positiboa egiten jarraitzen" du Kulturazek: "Komunitatea egiteko eta kultura herritarrei gerturatzeko tresna garrantzitsua da, eta herritarren eskuetan egoten jarraitu nahi dugu". Izan ere, 2020a, bere aldrebesean eta bere konfinamendu eta neurri murriztaile guztiekin, iazkoaren parekoa izan da bonuaren erabilerari dagokionez, kultur kooperatibak emandako datuen arabera. 21 ekitalditan izan da aurten Kultur Bonoa erabiltzeko aukera eta "datu esanguratsua" da hori, Kulturazek azaldu duenez, 2019an ere ekitaldi kopuru berean erabili ahal izan zen-eta bonua. "Dena den, egia da, edukiera mugak direla eta, aurtengo baldintzak ez direla berdinak izan", zehaztu dute bonuaren sustazaileek.

"Urtea aurrera joan ahala" ikusiko du Kulturazek "noiz eta nola plazaratu" 2021eko Kultur Bonoa, "Datozen hilabeteetan ikusiko dugu pandemiak eta honek eragindako neurriek zer bilakaera duten. Hipotesi eta aukera desberdinak aztertzen ari gara, eta horien arabera egingo dugu Kultur Bono berriaren planteamendua", azaldu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide