'Gure mintzak' proiektuaren aurkezpena egingo dute bihar Sanagustin kulturgunean

Julene Frantzesena 2020ko abe. 10a, 15:46

'Gure mintzak' proiektuaren egileak eta parte-hartzaile batzuk.

Maite Azpiazuk eta Ainitze Urbietak garatu dute herrian eta inguruan hitz egiten diren hizkuntzak biltzeko proiektua. Bihar egingo dute martxan den funtsaren eta hori biltzen duen webgunearen aurkezpena, 19:00etan, Sanagustinen.

Maite Azpiazuk eta Ainitze Urbietak Gure mintzak proiektuaren aurkezpena egingo dute bihar, ostirala, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak banatzen dituzten kultur sorkuntza beketako bat jaso zuten bi herritar horiek iaz, eta beka horri esker, herrian eta inguruan hitz egiten diren hainbat hizkuntza jaso dituzte. Hain zuzen ere, hamabi herritar elkarrizketatu dituzte horretarako.

Proiektuaren helburua hizkuntza eta kultur aniztasuna plazaratzea nahiz elkarrizketa horien funtsa sortzea dira. Azpeitian, esaterako, 52 herrialdetako milatik gora herritar bizi dira, eta proiektuaren sustatzaileen arabera, herrian antolatzen diren ekintzetan "ikusezinak" dira horiek. "Beren presentzia ez da nabaritzen, ez dakigu ia ezer haiei buruz, ezta haien jatorriari buruz ere; ez daukate espazio propiorik herrigintzako eragile gisa, salbuespen zoragarri batzuetan ez bada, eta ez daude saretuta".

Aniztasun hori plazaratzeko beharrak sortuta gauzatu dute Gure mintzak proiektua, eta hainbat txokotatik Azpeitira etorritako herritarren errealitatea azaldu nahi izan dute Azpiazuk eta Urbietak. Funtsa osatzeko lehen elkarrizketak grabatu dituzte dagoeneko; hainbat galdera egin dizkiote horiei gaztelaniaz edo euskaraz erantzun ditzaten. Horiek guztiak webgune batean bildu dituzte, eta hain zuzen, horixe aurkeztuko dute biharkoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide