Koronabirusa Azpeitian

Intzidentzia tasak gora egin du berriz ere Azpeitian, eta 438,39an kokatu da

Andoni Elduaien 2020ko abe. 11a, 16:36

Azken egunetan intzidentzia tasak beheranzko joera bazuen ere, atzo Osasun Sailak herrian atzemandako positibo kopuruarekin gora egin du datuak. 438,39koa da intzidentzia tasa Azpeitian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohi baino beranduago kaleratu du gaur koronabirusaren egoera epidemologikoaren bilakaera aztertzen duen txostena. Azpeitian hamalau kasu positibo zenbatu zituzten atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno probetan. Joan den ostiraletik gaur arte 35 kasu positibo zenbatu dituzte Azpeitian. Kasuek gora egin dute, beraz, astebetean, azaroaren 27tik abenduaren 4ra 31 kasu detektatu baitzituzten azpeitiarren artean.

Positiboetan izan den igoerak zuzeneko lotura izan du intzidentzia tasarekin. Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko, eta grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke lerro urdinean. Abuztuan izandako beherakadaren ondoren, urriaren lehen egunetan hasi zen igotzen intzidentzia tasa Azpeitian, eta hilabete amaieran jo zuen goia herrian, 1.700,43ko tasarekin.

Poliki-poliki, beheranzko bidea hartzen hasi zen tasa orduan, eta abenduaren 1ean lortu zuen Azpeitiak 500eko langatik edo Osasun Sailak eremu 'gorria' deitzen dionetik behera jaistea. Hala eta guztiz ere, eremu 'laranja' izaten jarraitzen du Azpeitiak. Azken egunetan mantso-mantso bazen ere beheranzko bidea zeraman intzidentzia tasak, baina atzo detektatutako positiboekin berriz ere gora egin du tasak. Nahiz eta 500eko mugatik behera dagoen, 438,39koa da tasa Azpeitian.

Positiboak gora, eskualdean

Osasun Sailak eman dituen datuekin, agerraldi kopuruak gora egin du berriz ere Urola Kostan. Azken egunetako datuekin eskualdea egonkortzen ari zela bazirudien ere, beste 34 kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kostan. Joan den asteko ostegunean egindako testetan hamasei positibo zenbatu zituzten. Datu horrekin eta azken egunetako agerraldiekin alderatuta, kasuak bikoiztu egin dira eskualdean.

Hamabost positiborekin, Zarautz da kasu gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria; 274,67koa zen intzidentzia tasa atzo, eta gaur 296,12koa da tasa, atzoko datua baino zertxobait handiagoa, beraz. Haren atzetik dago Azpeitia, eta segidan Getaria, bi kasu zenbatuta. Azkoitian, Zestoan eta Zumaian, ostera, kasu bana baieztatu dute. Intzidentzia tasari lotuta, gainera, azpimarratu daiteke gora egin duela, Zarautzen eta Azpeitian bezala, Zumaian. Hala eta guztiz ere, ez da igoera esanguratsua izan. Behera egin du tasak, bestalde, Azkoitian eta Orion.

Kasuak gora Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, berriz, kasuek gora egin dute berriz ere. Guztira 703 kasu zenbatu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 10.656 test diagnostiko egin zituzten, eta, haietatik, 597 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera, 122 kasu hauteman dituzte Araban, 230 Bizkaian, 243 Gipuzkoan; gora egin dute, beraz, kasuek Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi laguni ere detektatu diote positiboa. Nafarroan, aldiz, 1.909 proba egin zituzten, eta horietatik 106 positibo baieztatu dituzte.

Hego Euskal Herrian, berriz, kasuek gora egin dute berriz ere. Guztira 703 kasu zenbatu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 10.656 test diagnostiko egin zituzten, eta, haietatik, 597 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera, 122 kasu hauteman dituzte Araban, 230 Bizkaian, 243 Gipuzkoan; gora egin dute, beraz, kasuek Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi laguni ere detektatu diote positiboa. Nafarroan, aldiz, 1.909 proba egin zituzten, eta horietatik 106 positibo baieztatu dituzte.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Osasun Sailak. "COVID-19aren ondorioz" 65 pertsona ospitaleratu ziren atzo. 406 pertsona daude, gainera, Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeren batean ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean (Ziu), 117 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak ere gora egin du hiru lurraldeetan, eta 0,91koa da tasa gaur; Gipuzkoan ere gora egin du, 0,87an kokatzeraino. Nafarroan, berriz, 161 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 21 ZIUn daude.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide