75. urteurrena ospatzeko prest da Lagun Onak Mendi Bazkuna

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 12a, 17:07

Lagun Onak MBren bazkideen batzarra, atzo, Azoka Plazan.

2021erako hainbat ekintza eta egitasmo prestatu dituzte. Pandemiaren bilakaerak baldintza ditzake ospakizunak, baina egitarau oparoa aurkeztu zuen mendi bazkunak atzo, bazkideen urteko batzar nagusia. 75 urte, 75 tontor, 75.000 metro egitasmoa izango da urteurreneko ospakizunen egitasmo nagusia.

Lagun Onak Mendi Bazkunak 75 urte beteko ditu 2021ean, eta urteurren hori merezi duen bezala ospatzeko asmo osoa dute Azpeitiko mendizaleek. Atzo, bazkideen urteko batzar nagusia egin zuten Azoka Plazan, eta zuzendaritzak bertan aurkeztu zuen elkartearen 75. urteurrena ospatzeko prestatu duten egitarau oparoa.

Askotariko ekintzak eta egitasmoak prestatu ditu Lagun Onak MBk 75. urteurrenerako, baina horien artean bat nabarmentzekotan, 75 urte, 75 tontor, 75.000 metro izenekoa aipatu behar da. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barreiatutako 75 tontor zapaltzea da egitasmo nagusi horren helburua; tontor horien guztien altuerak batuta, 75.000 metroko desnibela osatuko dute mendizaleek. Urtarrilean jarri nahi dute martxan egitasmo hori, eta horren gaineko xehetasun guztiak laster aurkeztuko dituzte.

Helduei zuzendutako beste hainbat irteera eta ibilbide berezi ere prestatu dituzte. Horrela, azken urteetan egin dituzten etapaz etapako egitasmoekin jarraituta, Azpeitia eta Iruñea lotu nahi dituzte Lagun Onak MBkoek datorren urtean, 2020an bertan behera utzi behar izan duten asmoa berreskuratuta. Bost etapatan egingo dute: Azpeitia-Tolosa, Tolosa-Leitza, Leitza-Aldatz, Aldatz-Oteiza eta Oteiza-Iruñea. Momentuz, ez dituzte datak zehaztu. Azpeitia-Arantzazu, Azpeitia mugaz muga, beteranoen eguna eta 75. urteurrenaren eguna dira egin eta ospatu nahi dituzten beste batzuk. Horiez gain, bereziki gaztetxoei zuzendutako hainbat irteera ere sartu dituzte 2021eko egutegian; hamabost, guztira.

Ikastaroak ere emango dituzte mendizaleek 75. urteurrenaren barruan. Momentuz, horietako hiruren berri eman dute: GPSa erabiltzen ikastekoa eskainiko dute urtarrilean, lehen sorospenen ikastaroa martxoan, eta orientazio ikastaroa apirilean eta maiatzean.

Mendiarekin lotutako ikus-entzunezkoak izango dira 2021eko egitarauaren beste atal garrantzitsu bat. Hilero, hileko hirugarren ostegunez, mendizale ezagun bat Azpeitira ekartzea da Lagun Onakekoen asmoa, eta horietako bakoitzak aurkeztuko duen ikus-entzunekoaz gozatzeko aukera izango dute mendizaleek Soreasu antzokian, Sanagustin kulturgunean edo mendizaleen lokalean. Mendizaleen egoitzan, baina tabernan, urtean zehar zenbait erakusketa ere jarri nahi dituzte; horietako bat, Joxe Urbieta Takolori eskainiko diote.

Danborradako jantzietan 75. urteurrenaren ikurra gehituko du, gainera, Lagun Onak MBk. 2021eko sansebastianetan danborradarik egingo ez bada ere, jantziak nolabait erakusgai jarri nahi dituzte, behintzat. Eta urteurrenak herrian oihartzun gehiago izan dezan, leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak ere aterako dituzte.

Pandemiaren eboluzioari so

Asmo eta ilusio asko dituzte Lagun Onak MBko kideek 2021ari begira, baina jakitun dira prestatu dituzten ekintzak aurrera eramatea ez dela beti beren esku egongo

COVID-19aren pandemiak proiektuak eta asmoak baldintzatzea edota eragoztea zer den ondo ikasi dute 2020 honetan mendizaleek. Atzoko batzarrean bukatzear den urtearen balantzea egiterakoan argi ikusi zen hori: irteeren egutegia bertan behera utzi behar izan zuten udaberrian, uda partean gutxi batzuk egin bazituzten ere; eta atzo aurkeztu zuten egitaraua osatzeko proposamenak zein 75. urteurrenaren logoa aukeratzeko lehiaketa online egin behar izan dituzte, besteak beste. Trukean, konfinamendu garaian Nire Gailurrak argazki lehiaketa arrakastatsua egin zuten, eta azkenaldian Azpeitiko mugen barruan edota ondoko herrietan egin ahal izateko irteeren proposamenak eskaini dituzte. Mendi Asterik ezin izan dute ospatu bere horretan, baina ikus-entzunezko batzuk antolatu ahal izan dituzte.

Pandemiak irauten duen bitartean berriro oztopoak sor daitezkeela badakite Lagun Onakekoek, eta horiek asko baldintza dezakela urteurrenaren egitaraua, baina egin ahal duten guztia eginez ondo ospatu nahi dute urte berezi hori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide