Gabirondok eta Zalduak apustu berria hitzartu dute Mendizabalenean

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 13a, 11:50

Gabirondo (horiz) eta Zaldua (beltzez) aurrez aurre atzo, Mendizabal erretegian, apustua adosten. (Euskadi Irratia)

Aizkoran 20na kanaerdiko ebaki ondoren, bi orduko lana osatu beharko dute segan. Ekainaren 26rako jarri dute hitzordua, baina tokia ez dute oraingoz zehaztu. Bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu jokoan.

Julen Gabirondo segalariak eta Xabier Zaldua aizkolariak apustua hitzartu zuten atzo arratsaldean Landetako Mendizabal erretegian.

Aizkoran eta segan ariko dira nor baino nor bi kirolariak datorren ekainaren 26an, 17:30ean hasita. Apustua non jokatuko duten ez zuten zehaztu atzokoan –Zalduari dagokio belardia aukeratzea–, baina bai gainerako baldintzak. Horrela, kanaerdiko hogeina enbor ebaki beharko dituzte aurrena, eta ondoren, bi ordu osatu arte egin beharko dute segan. Enborrei dagokienez, horietatik lau jarri beharko ditu Zalduak, eta Gabirondok eramango ditu gainerakoak. Bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu jokoan.

Irailean Azpeitian jokatutako hirugarren Euskal Pentatloi Txapelketaren finalaren ondoren dator atzo itxitako herri kirol apustua. Final hartan, hirugarrenez jarraian jantzi zuen txapela Zalduak, eta Gabirondo sailkatu zen bigarren, bere lehen parte-hartzean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide