Labaka eta Aizpuru III.a Binakako 50. Erremonte Txapelketako finalerdietara sailkatu dira

Andoni Elduaien 2020ko abe. 15a, 08:58

Aizpuru III.a, ezkerrean urdinez. (Argazkia: Oriamendi 2010)

Bi azpeitiarrek irabazi egin zuten joan den larunbatean, eta hurrengo fasera sailkatzea lortu dute. 40-33 irabazi zioten Urrizak eta Labakak Goikoetxea V.ak eta Endikak osatutako bikoteari. Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak, aldiz, 40 eta 32 menderatu zituzten Juanenea eta Larrañaga.

Jagoba Labaka eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a Binakako 50. Erremonte Txapelketako finalerdietan daude. Javier Urrizarekin ari da txapelketan parte hartzen Labaka, eta Imanol Ansa Ansa II.arekin Aizpuru. Azken biek jokatutako hiru partidak irabazi dituzte. Urrizak eta Labakak, berriz, bi partida irabazi dituzte eta bat galdu.

Ansa II-a-Aizpuru III.a, Urriza-Labaka eta Segurola-Barrenetxea IV.a dira finalaurrekoetara sailkatu diren hiru bikoteak. Finalerdietara sailkatzen den laugarren bikotea ezagutzeko, berriz, Goikoetxeak eta Endikak Ansari eta Aizpururi irabazi beharko diote larunbatean sailkapenean Juanenea eta Larrañaga gainditzeko; azken bikote horrek atseden astea izango du, eta larunbateko emaitzaren zain egon beharko dute sailkatzen diren edo ez ezagutzeko. Azken jardunaldiko beste partida, ostera, Segurolak eta Barrenetxea IV.ak eta Urrizak eta Labakak jokatuko dute.

Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan ari da jokatzen larunbatero. Azaroaren 21ean hasi zen, eta finala 2021eko urtarrilaren 2an jokatuko dute. Puntuazioa ohikoa ari da izaten: lau puntu batzen dituzte partida irabazteagatik, bi puntu 36-39 tantoren artean eginez gero, puntu bat 32-35 tantoren artean eginda, punturik ez 26-31 tantoren artean galduta, eta puntu bat kentzen zaie 25 tanto edo gutxiago eginez gero.

Honako hau da momentuko sailkapena:

  1. Ansa II.a eta Aizpuru III.a (12 puntu)
  2. Segurola-Barrenetxea IV.a (10 puntu)
  3. Urriza eta Labaka (9 puntu)
  4. Juanenea eta Larrañaga (4 puntu)
  5. Goikoetxea V.a eta Endika (2 puntu)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide