Errastiola zerrategiko lan istripua salatu du gehiengo sindikalak, plazan

Maialen Etxaniz eta Anartz Izagirre 2020ko abe. 15a, 15:03

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako kideek babestu dute elkarretaratzea, eta hainbat herritar bildu da plazan Nuarbe auzoan gertatutako istripua salatzeko.

Joan den ostiralean Nuarbeko Errastiola zerrategian gertatutako lan istripua salatu du gaur, asteartea, gehiengo sindikalak. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako kideek eta beste hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute plazan, lan istripu gehiagorik ez! lelopean. CCOO sindikatuak atzo, astelehena, egin zuen elkarretaratzea.

Izaro Mujika ELAko ordezkariak adierazi duenez, beste bi lan istripuren berri ere izan dute gaur, eta gutxienez 60 dira aurten Euskal Herrian beren lanpostuetan hildako langileak. Mujikak nabarmendu du ezbehar horiek ez direla kasualitatearen ondorio: "Lan istripuak guztiz errotuta daude lan merkatuan dagoen prekarietate gordinarekin". Bestalde, LABeko Aihotz Aiestaranek azaldu du gaur egungo "lan estiloak eta presioak" eragiten dituztela halako istripuak, eta nabarmendu du "patronalaren aurrean" egongo direla. Era berean, insituzioei patronalarekin "ez lerrokatzeko" eskatu die.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide