Oihana Orbegozo, final handirako prest

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 15a, 16:16

Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finala jokatuko du igandean Oihana Orbegozo azpeitiarrak. Amaia Aldai izango du bikote, eta Patri Espinarren eta Naroa Agirreren aurka lehiatuko dira. Gaur aurkeztu dute finala, eta antolatzaileek "lehia estua" izango dela iragarri dute. 

Zailtasunez eta oztopoz betetako urtea izan da 2020a, baina emakume pilotariek amaiera polita eman nahi diote sasoiari. Hori horrela izan dadin, Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finala jokatuko dute igandean –abenduak 20–, Arrigorriagan (Bizkaia). Pilotari azpeitiar bat lehiatuko da han: Oihana Orbegozo, hain zuzen ere.

Guztira, hamasei pilotarik eta zortzi bikotek parte hartu dute txapelketan, eta hainbat kanporaketaren ostean, abenduaren 6an erabaki zen zeintzuk izango ziren finalistak: Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo Patri Espinarren eta Naroa Agirre arroarraren aurka lehiatuko dira, hain zuzen ere.

Antolatzaileek espero dute finalean "lehia estua" izango dela, eta haien arabera, ez dago "faborito argirik". Dena dela, "ikuskizuna ziurtatuta" izango dela uste dute. "Aurrean, gaur egungo bi aurrelari bizi eta ikusgarri ariko dira nor baino nor, Amaia Aldai dimoztar gaztea eta Usansoloko Patri Espinar, pilotaren molde guztietan oso lehiakorra den emakumea", adierazi dute antolatzaileek. Neguko hotza tarteko Espinarrek eskuetan arazoren batzuk izan dituen arren, bi aste izan ditu eskuak zaintzeko eta osatzeko, eta "gerra emateko asmoz" agertuko dela iragarri du.

Atzean ariko diren pilotariak ere "ez dira nolanahikoak", antolatzaileen esanetan. "Amaia Aldaik Oihana Orbegozo izango du bizkartzain. 35 urterekin, lehen aldiz lehiatu da azpeitiarra pilota mistoarekin, eta bikain egokitu da material berrira, finalera arteko partida guztietan oso seguru arituta. Oso bestelako pilotaria da atzelari urdina, Naroa Agirre zestoarrak 17 urte baino ez baititu. Espinarren atzelaria harrobian egiten ari den lan bikainaren adibide garbia da, eta etorkizun handiko pilotaria dela erakutsi du".

Finala, ETB1en

Egungo osasun egoerak, momentuz, ez du pilotalekuan ikusleak biltzea baimentzen, baina finala eta hirugarren posturako lehia –Ruiz de Infante eta Arrillaga Olatz Arrizabalagaren eta Gentzane Aldairen aurka–, ETB1en ikusi ahal izango dira, 12:00etatik aurrera.

Lotura honetan ikus daiteke Orbegozo eta Agirre pilotariak elkarrizketatuta komunikabide honek hilaren hasieran osatutako bideoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide