Hamahiru positibo berrirekin, 650,95ko intzidentzia tasa du Azpeitiak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 16a, 14:09

Hamahiru positibo berri zenbatuta, intzidentzia tasak asko egin du gora herrian: 650,95ekoa da gaur-gaurkoz. Urola Kostan, guztira, 26 positibo atzeman dituzte. Eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra da Azpeitia.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urola Kostan, 26 lagunek eman dute positibo, aurreko astearteko probetan baino hogei gehiagok. Gainera, Azpeitian zenbatu dituzte kasu horien erdiak: hamahiru, hain zuzen ere. Azpeitian ez ezik, Azkoitian, Zarautzen eta Zestoan atzeman zituzten kasu berriak. Une honetan, eskualdeko herri bakarra dago eremu gorrian: Azpeitia, 650,95eko intzidentzia tasarekin. Asko egin du gora tasak: 591,17koa zen atzo.

Azkoitian ere hazi egin da atzemandako positibo berrien kopurua: zazpi kasu zenbatu dituzte  –bi izan ziren astelehenean eta hiru igandean–. Horrekin, 300eko intzidentzia tasaren langa gainditu eta eremu laranjara igaro da Azkoitia; izan ere, 241,89koa zen positibotasun tasa atzo, eta, gaur-gaurkoz, 300,28koa da.

Zarautzen ere, aurreko larunbateko eta osteguneko zenbatekoetatik urrun egon arren, herenegun baino positibo gehiago baieztatu zituzten atzo: lau. Bi emaitza positibo izan ziren astelehenean, eta bost igandean. 339,04ko intzidentzia tasarekin, beraz, oraindik eremu laranjan dago Zarautz.

234,80ko positibotasun tasa izanik, Zestoa eremu berdean bada ere, bi positibo zenbatu zituzten atzoko probetan –bat izan zen astelehenean eta batere ez igandean–. Eskualdeko gainontzeko herrietan, ordea, ez zuten kasu berririk zenbatu atzokoan. Dena den, azpimarratzekoa da eremu horian jarraitzen dutela Oriok nahiz Zumaiak, 164,99ko eta 101,78ko intzidentzia tasa metatuak baitituzte, hurrenez hurren.

Positiboen kopurua, egonkor

Atzo 13.165 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 4.312 gehiago. Hala ere, herenegungo datuekin alderatuta, ez zen gehiegi igo atzemandako positiboen kasua: atzo 582 izan ziren emaitza positiboak, eta soilik 60 gutxiago herenegun. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %4,4ko positibotasun tasa erregistratu zuten atzoko datuak kontuan hartuta –4,7%koa zen herenegun–. Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu gehien, 243, baina gertutik jarraitu zion Bizkaiak, 231 kasu baieztatuta. Araban 104 pertsonak eman zuten positibo.

Hiru lurralde horietan, denera, 58 lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, eta 99 pertsona daude ZIUn une honetan. Osasun Sailaren esanetan, abenduaren 7tik 13ra arteko datu metatuen arabera, 99 pertsona zendu dira COVID-19aren ondorioz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide