Garai zailak bizi dituzte ostalariek eta haien hornitzaileek, eta haserre daude. Hori dela eta, beste aldi batez mobilizazioa egingo dute bihar SOS ostalaritza lelo hartuta. Azpeitiko plazan jarri dute hitzordua 12:00etan, eta handik abiatuko dira auto karabanan Azkoitia aldera. Aste honetan Azkoitiko ostalariak ere batu dira Azpeitiko tabernariek egindako deialdira, eta haiek ere parte hartuko dute biharko protestan.
Haserrea agertzeaz gain, laguntza eskatzeko mobilizatuko dira bihar; izan ere, ostalaritza guneetako langileentzat "ezinbestekoa" da erakundeen laguntza. "Eusko Jaurlaritzari dirulaguntzak indartzeko eta Azpeitiko Udalari zergak ez ordainarazteko" eskatzen diete Azpeitiko ostalariek eta hornitzaileek.
Protestan jarraitzeko asmoa
Biharko mobilizazioa Azpeitiko ostalariek deitutako hirugarrena izango da, baina deitzaileek aurreratu dutenez, "egoerak horrela jarraitzen badu" aurrera begira protestan jarraitzeko asmoa dute, eta ez dute baztertu haserre kanpaina abiaraztea ondoko herrietako ostalariekin batera. Dena den, oraindik ez dute ezer zehatzik erabaki.