Iokin Agirre, aurtengo Euskadiko Rallysprint txapeldun

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 17a, 16:25

Iokin Agirre gidaria, Arantzazu Araneta kopilotuarekin.

Aurretik ere sariak jasotakoa den arren, aurtengoa "ustekabean" etorri zaiola esan du gidari azpeitiarrak: "Gozatzera irteten gara eta ez nuen pentsatzen txapeldun geratuko nintzenik". 

Iokin Agirre gidari azpeitiarra da aurtengo Euskadiko Rallysprint txapelduna. Lorpenarekin "oso gustura", aitortu du "ustekabean" etorri zaiola. "Gozatzera irteten gara eta ez nuen pentsatzen txapeldun geratuko nintzenik". Lehen ere sariak jasotakoa da Agirre. Iaz, esaterako, Gipuzkoako Automobilismo Txapelketan, Rallyen kategorian, pilotu onenaren saria jaso zuen; baina aurtengoaren tamainakorik sekula ez. "Nire moduko batentzat handia da Euskadiko Txapelketa irabaztea, oso maila altua egoten baita".

Martxoan hasi ziren aurtengo denboraldia lehiatzen. "Martxoan karrera bat korritu genuen, baina gero konfinamendua etorri zen, eta dena gelditu zen". Hala ere, "nahiko zorte" izan dutela esan du. "Egia esan, ez gaude kexatzeko moduan, Euskal Herrian lasterketa batzuk egin ditugulako. Kantabrian, Asturiasen eta beste leku batzuetan ez dute horretarako aukerarik izan; ez dute ezer egin". Agirrek ahal izan duen proba guztietan parte hartu du: bi rallysprintetan, bost rallytan eta igoera batean. "Sailkapen orokorreko postuaren arabera puntu batzuk ematen dizkizute, eta gero beste sailkapen bat egoten da, klaseka. Bi sailkapenetan dituzun puntuak hartzen dituzte kontuan", azaldu du.

Agirrek rallysprinten atalean lortu du Euskadiko txapela. "Bi egin dira aurten, eta baldintza zen bietan parte hartu behar izatea. Lehendabizikoan, Gabirikoan, laugarren egin genuen; eta bigarrengoan, Aramaiokoan, bigarren. Gabirin aurrena egin zuenak ez zuen Aramaiokoa bukatzerik izan, eta Aramaion aurrena egin zuenak ez zuen lehiatu Gabirin; beraz, esan liteke zortea ere alde izan dugula".

Datorren urtean aurten eskuratu duen titulua berresten saiatuko da azpeitiarra. "Orain ari dira datorren urterako egutegia prestatzen, eta oker handirik ezean, hor ibiliko gara saltsan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide