'Bateragune auzia' salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, plazan

Anartz Izagirre 2020ko abe. 18a, 09:00

'Bateragune auziko' eta EH Bilduko ordezkariak, agerraldian. (EH Bildu)

18:00etan izango da kontzentrazioa, plazan, eta herriko hainbat eragilek parte hartuko dute bertan. Azpeitiko EH Bilduk erabakiari "modu bateratuan" erantzuteko eskatu du.

Joan den astelehenean, hilak 14, Bateragune auziko kideak berriro epaitzeko erabakia hartu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta erabaki hori salatzeko elkarretaratzea izango da bihar, 18:00etan, plazan. Demokrazia lelopean, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Rada Diez berriro ez epaitzeko eskatuko dute. Azpeitiko EH Bilduk "oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasotzat" hartu du erabakia, eta "modu bateratuan" erantzuteko eskatu die herritarrei.

Herriko elkarretaratzean honako eragileek parte hartuko dute: ELA, LAB, EH Bildu, Gure Esku Dago, Sare eta Etxerat. Azpeitian ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere egingo dituzte elkarretaratzeak Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurka, eta honako eragileek babestu dute deialdia: ELA, LAB- Steilas, ESK, Podemos Euskadi-Ezker Anitza IU, EH Bildu, Izquierda Unida Navarra (NEB), EH Bai, Gure Esku Dago, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare, Etxerat eta CCOO Euskadik.

Hamar urte baino gehiago dira Bateragune auziko bost kideak atxilotu zituztenetik, eta denek osorik bete zituzten Auzitegi Gorenak 2012an ezarritako zigorrak. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Otegik, Jacintok, Zabaletak, Rodriguezek eta Diezek ez zutela epaiketa justurik izan, baina Auzitegi Gorenak epaiketa berriro egin dadin eskatu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide