Gotzon Aranburu presoa Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxetik Dueñaseko (Palentzia, Espainia) espetxera gerturatuko dute. Izan ere, Espainiako Espetxeetako Erakundeak bost presoren gerturatzeak agindu ditu gaur, ostirala; tartean, Aranbururena. Orain arte Azpeititik 720 kilometrotara zegoen azpeitiarra; orain, aldiz, 280 kilometrotara egongo da.
Espainiako Espetxeetako Erakundeak adierazi duenez, Aranburuk eragindako mina onartu du, baita indarkeria gaitzetsi eta inoiz ez lukeela existitu behar aitortu ere. Azpeitiarra bigarren gradura pasatu dute, eta 2028ko uztailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Irakurri hemen Azpeitiko presoen senideei Uztarriak egindako elkarrizketa.