Gabonetako Loteriaren bosgarren sariaren dezimo bat saldu da Valverde dendan

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 22a, 17:50

43.831 zenbakiaren dezimo bat saldu dute Valverde dendan, online sistemaren bidez. 6.000 euro utzi ditu sariak herrian.

Gabonetako Loteriaren bosgarren sariaren dezimo bat egokitu da gaur Azpeitian. Hain zuzen ere, 43.831 zenbakiaren dezimo bat saldu dute Valverde dendan, online sistemaren bidez. Azpeitian 6.000 euro utzi ditu sariak.

Ez da Valverde dendan banatu duten lehen sari potoloa gaurkoa; izan ere, 2015ean, 2016an eta 2018an ere Gabonetako Loteriaren bosgarren sariaren dezimo bana saldu zuten han. Gainera, 2018an, Gabonetako Loteriaren dezimoa saldu eta egun batzuetara, Osteguneko Loteria Nazionalak ere saria utzi zuen Azpeitian, lehen zenbakiaren beste dezimo bat saldu baitzuten Valverde dendan. Beraz, bolada onean dira saltoki horretan.

Pozik azaldu dira dendaren arduradunak: "2015ean berritu genuen denda, eta ordutik aurrera hainbat sari banatu dugu. Pozgarria da hori guretzat; gainera, uste dut gaur saritutako dezimoa betiko bezeroren batek izango duela", azaldu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide